|
2009-03-24
Basque Culinary Center proiektuak argia ikusi du.
Pasa den martxoaren 23an Basque Culinary Center-en aurkezpen publikoa egin zen zentroak izango duen fundazioaren sorrerarekin, Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, besteak beste, osatzen dute Fundazioaren patronatua.
Donostiako Miramon Teknologi Elkartegian kokatuko den zentroa, Donostiako Udala, proiektuaren eragileetako batek utzitako lursail batean, 2011. urtean jarriko da martxan. Zientzia Gastronomikoen Fakultatea eta Zientzia Gastronomikoen Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa bilduko ditu.
Proiektu honen jendaurreko aurkezpenean Donostiako Plan Estrategikoak izan duen eginkizuna azpimarratu zen eta proiektu honetan Planaren zuzendaria, Kepa Kortaren, sustatzaile eta eragile lana eskertu zen.
Basque Culinary Center proiektuak 14 milioi euroko inbertsioa izango du eta finantzaketan Gobernu Zentrala (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bitartez), Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Donostiako Udalak parte hartuko dute.
Zentroaren helburu nagusiak dira: euskal sukaldaritzak nazioartean goi mailako gune izateari eutsi diezaiola; ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta enpresa sektoreen artean; eta goi sukaldaritzaren arloan Euskadi nazioartean sustatzea.
Zientzia Gastronomikoen Fakultateak Sukaldaritza Arteetako unibertsitate-gradua eskainiko du, eta horrekin batera graduondoko beste lau titulu, sukaldaritzako profesionalei eta beste sektore batzuetakoei zuzendutakoak; etengabeko prestakuntza; eta sukaldaritza zaleentzako eskaintza ere izango du.
Bestalde, I+G+b zentroak 6 ikerketa-ildo jorratuko ditu: heziketa eta elikadura-ohiturak; elikadura mailako gizarte-ardura; elikadura-joerak; berrikuntza sektoreko enpresen kudeaketa; gastronomiarekin lotura duten teknologien garapena; eta elikagaiak prestatu, aurkeztu eta kontserbatzearen ingurukoa.
Basque Culinary Center izango denaren inguruan enpresa-foroa sortuko da, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak sustatuko duena, elikaduraren eta sukaldaritzaren sektorean berrikuntza bultzatzeko helburuarekin.
 |
Mondragon Unibertsitateak eta euskal sukaldari ospetsuenek pasa den martxoaren 23an jarri zuten abian ofizialki Basque Culinary Center proiektua. Unibertsitateak eta Donostiako Plan Estrategikoak gizarteko eta erakundeetako beste agente batzuekin batera sustatu duten ekimen gastronomikoaren bidez, Euskadi nazioarteko erreferentziazko gune bilakatuko da goi sukaldaritzan eta zientzia gastronomikoetan.
Horretarako, Donostian Basque Culinary Center egituratuko duen Fundazioa eratu da, proiektuaren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoa izango dena. Oraingoz, patronatuko partaide dira Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiņano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa sukaldariak, eta Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala.
Basque Culinary Center zentroak bi zutabe nagusi izango ditu: Zientzia Gastronomikoen Fakultatea eta Zientzia Gastronomikoen Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa. Biak gune berean kokatuko dira, eta multzoak kategoria horretako munduko rankingean lehenengo bost onenen artean egotea du helburu. Zientzia Gastronomikoetako lehen unibertsitatea izango da Espainian eta bigarrena Europan, Piamonten , Italian dagoenaren ondoren.
|
 |
Instalazioak
|
 |
Proiektua Donostian gauzatuko da. Kanpuseko eraikin batek zentroa bera hartuko du, eta beste batek, berriz, ikasleen egoitza. Proiektu handia da, eta aurreikuspenen arabera 2011. urtean jarriko da abian. 14 milioi euroko inbertsioa izango du eta hainbat erakunderen laguntza eta finantzaketa jasoko du.
Prestakuntzarako guneak lau ikasgela polibalente izango ditu, auditorioa eta bulegoak; lanerako gunean hainbat sukalde jarriko dituzte; esperimentaziorako gunean laborategiak, gozogintza-, okindegi- eta izozki-lantegiak, besteak beste; ikerketarako gunean lantegiak eta laborategiak bilduko dira; gainera, gune komunak eta jatetxeak ere izango ditu zentroak. Ikasleentzako egoitzak, berriz, 120 lagunentzako tokia izango du 50 logela bikoitzetan eta 20 indibidualetan.
Basque Culinary Center proiektuarekin gastronomiako prestakuntza, ikerketa eta industriarako kanpusa sortuko da. Euskadi zientzia gastronomikoen eta goi sukaldaritzaren gailurrean kokatzeko bultzada izango da, egiten jakitea eta ezagutza akademikoak uztartzeko aukera.
|
 |
Helburuak
|
 |
Proiektuan hainbat helburuk egiten dute bat, bestak beste, euskal sukaldaritzak nazioartean goi mailako gune izateari eutsi diezaiola etorkizunean, eta ondorioz, goi mailako ezagutza sortzea eta profesional gaituak prestatzea; ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiarekin zuzenean edo zeharka lotutako enpresa eta ezagutza sektoreen artean; eta Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi munduko goi sukaldaritzako gune bilakatzea. Gainera, proiektuak sektoreko enpresetan transferentzia teknologikoa eta berrikuntza sustatu nahi ditu, eta horrekin batera ekimen eta enpresa-proiektu berriak bultzatzea.
Euskal sukaldaritzarentzat ezin hobea den unean iritsi da proiektua, izan ere, mundu mailako ospea du. Horren erakusgarri dira Euskadin diren 22 Michelin izarrak, horietatik 16 Donostian eta inguruetan.
|
 |
Zientzia Gastronomikoen Fakultatea
|
 |
Zientzia gastronomikoek ezagutza-arlo ugari hartzen dituzte, gazteenen elikadura-hezkuntzatik hasi eta sukaldaritza profesionaleko elitera artekoak, eta ekonomian eta gizartean funtsezko eragina dute.
2011tik aurrera, Euskal Herriak Zientzia Gastronomikoen Fakultatea izango du, hezkuntza-eskaintza berritzailea eta oso kualifikatua eskainiko duena. Goi sukaldaritzako profesionalek eta gastronomiaren esparruan ari diren bestelako profesionalek behar duten prestakuntza eskainiko du.
Izan ere, Estatuan ez dago unibertsitate mailako prestakuntza-eskaintza ofizialik gastronomiaren esparruan. Beraz, sukaldaritzaren eremu profesionalean hutsunea dago prestakuntzari dagokionez. Ildo horretan merezi du gaitasun sakonagoak izango dituzten profil kualifikatuagoak prestatzea, beste eremu profesional batzuetan egin den moduan. Mondragon Unibertsitatearen Sukaldaritza Arteetako Graduak hutsune hori beteko du Europako Goi mailako Irakaskuntzako Esparrura egokitutako titulazioaren bidez. Graduko ikasketek lau ezagutza-arlo nagusi landuko dituzte: Sukaldeko, jangelako eta sommelier-jardueretarako teknikak, negozioaren kudeaketa, Zientzia eta Teknologia, eta Kultura eta Artea.
Graduondoko ikasketen eskaintzari dagokionez, sektoreko profesionalei zuzendutako masterra eskainiko du unibertsitateak: Berrikuntza eta Kudeaketa Goi Sukaldaritzan. Sektorean eskarmentua izanik, kualifikatu eta gaitasun profesionala areagotu nahi duten profesionalei bideratuta dago. Jatetxearen kontzeptu propioa eraikitzea du xede Masterrak, eta horretarako gaitasun zientifikoak garatuko ditu, bai zientziakoak eta baita kultura gastronomikoaren ingurukoak ere, negozioaren eta pertsonen kudeaketan sakonduko du eta balio erantsiaren garrantzia nabarmenduko du. Tituluak zerbitzuen prozesuak optimizatuko ditu, eta sormena, sukaldaritza-artea, ikuspegi estrategikoa eta berrikuntzan oinarritutako epe luzerako estrategiak garatuko ditu.
Bestalde, hiru graduondoko-titulu eskainiko zaizkie beste arlo batzuetako profesionalei: Master in Food Service and Restaurant Management, sektoreko enpresen kudeaketan espezializatu nahi duten kudeaketako profesionalei bideratuta egongo dena; Elikadura Zientzian eta Teknologian Masterra, arlo hori jorratu nahi duten ikertzaileei eta ezagutzaren profesionalei bideratutakoa; eta Master in Communication and Gastronomy, elikaduran eta gastronomian espezializatu nahi duten komunikabideetako profesionalei eta enpresetako marketineko eta komunikazioko arduradunei zuzendutakoa.
Fakultateak etengabeko prestakuntza ere eskainiko du. Sektore guztietan ematen den mota horretako prestakuntzaren beharrari erantzungo dio, beraz. Izan ere, nazioarte mailan sukaldaritzako profesional prestatuak behar dira.
Azkenik, Basque Culinary Center -ek gastronomiaren zaleei zuzendutako prestakuntza eskainiko du, hau da, profesionalak izan gabe sukaldaritzaren inguruko ezagutza zabaldu nahi duten zaletuei bideratutakoa.
|
 |
I+G +b Zentroa
|
 |
Zientzia Gastronomikoek hartzen dituzten ezagutza-arloek aukera handiak eskaintzen dituzte. Zentroaren helburua da ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiarekin zuzenean edo zeharka lotutako enpresa eta ezagutza sektoreen artean, eta horien artean sinergiak sortzea ahalbideratzea.
Zientzia Gastronomikoen Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak hainbat ikerketa-eremu jorratuko ditu, hala nola, heziketa, elikadura-ohitura osasungarriak (belaunaldi berrien osasunerako erabakigarriak izango direnak), biodibertsitatearen, nekazaritza-ekologiaren eta abarren garapenarekin lotutako elikadura mailako gizarte-ardura, edota osasuna eta ongizatea ardatz dituzten etorkizuneko elikadura-joerak. Azken horiek direla eta, elikagaien enpresa sektoreak produktu eta zerbitzu berriak garatu beharko ditu.
Era berean, elikadura sektoreko enpresen kudeaketa arloko berrikuntza eta bikaintasuna ere landuko ditu I+G+b Zentroak, zehazki sukaldaritzako eta goi sukaldaritzako sektoreei dagozkienak. Gainera, gastronomiarekin lotura duten teknologiak ere ikertuko ditu (ostalaritzako ekipamendua edota sukaldaritzako eta sukaldeetako instalazio eta aplikazio berriak). Elikagaiak prestatu, aurkeztu eta kontserbatzearen ildoa ere jorratuko du, batez ere goi sukaldaritzaren esparruan.
Zentroak senior ikerlari-taldea izango du, eta baita bikaintasunezko doktoretza-programa ere. Horrela, doktore-tesiak hainbat ikerketa arlotan landu ahal izango dira. Era berean, ikerlarien nazioarteko sarea sortzea bultzatuko du. Horren guztiaren helburua: zientzia gastronomikoetan, eta bereziki goi sukaldaritzarekin lotutako arloetan, nazioarteko erreferentziazko gune bilakatzea ikerketari eta ezagutzaren garapenari dagokienez.
Enpresa-foroa
Elikagaiekin eta sukaldaritzarekin lotutako enpresa sektorean berrikuntza sustatzea da Basque Culinary Center -en helburuetako bat. Ildo horretan, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak sustatuko duen Enpresa-foroa sortzea aurreikusten da. Elikaduraren eta sukaldaritzaren sektoreko enpresetan berrikuntza bultzatzea da egitasmoaren helburua.
|
 |
|