|
2008-11-25
Europako Kultur Hiriburuak. Atzo, Gaur eta Bihar
Azaroak 19an Donostiako Udaleko Udalbatza Aretoan, Donostiako Plan Estrategikoaren VIII. Topaketak egin ziren.
Donostia 2016ren hiriburutzarako kandidatura, jardunaldiaren mamia izan zen, jada Europako Kultur Hiriburu izan diren edo laster izango diren hirietako arduradun nagusien presentziarekin, Santiago, Linz eta Graz (Austria), Avignon (Frantzia) eta Luxenburgo (Luxenburgo).
Jardunaldi honen inguruan piztutako interesa, bereziki goizekoan, Udalbatza Aretoa leporaino bete zenean islatu zen.
Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Rafaela Romero, Batzar Nagusietako presidentea, Cristina Uriarte, Donostiako Plan Estrategikoko Batzorde Delegatuko presidentearekin batera eta Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Presidentziako zinegotzi-delegatua ere, topaketan izan ziren eta aho batez adierazi zuten hiriarentzat eta lurralde
historikoarentzat 2016ko Europako Kultur Hiriburu izatearen aldeko apustuak duen garrantzia.
TXOSTENAK “Kandidaturaren borrokan egotea, berez gauza ona da” Xoxe Manuel Villanueva Prieto. Santiago.
|
 |
Santiagoko Europako Kultur Hiriburutzaren arduradunak bere txostena hiriburutzarekin bilatzen zen helburu nagusian indar berezia eginez hasi zuen: “hiriarentzat, hirigintza eraldatzeko tresna bilakatzea”.
Villanuevak Santiago hiriarentzat Donejakue urte Santua izateak duen garrantzia azpimarratu zuen (Donejakue eguna, uztailak 25, igandea denean ospatzen da), baina milaka bisitari erakartzen dituen gertakari honetaz haratago, hiriak Europa mailan erreferente bilakatu nahi izan zuen.
Horregatik, Santiagok, 2000. urtean hiriburutza Europako beste bederatzi hirirekin partekatzeko zailtasuna zeukan kandidatura aurkeztu zuen. Villanuevak zera adierazi zuen, “zailtasun honek, aldiz, balio handiko emaitza partzialak eman ditu”, izan ere, bere garaian, hiriburu ziren beste hiriekin harreman estua ekarri zuen (batez ere iparraldeko hiriekin, Helsinki, Bergen…) eta honek gaur egun oraindik mantentzen den kolaborazio egitarau bat bultzatzea ahalbidetu zuen.
Horrela, elkarrekin hainbat erakusketa egin zituzten, hala nola, “Ipar Atlantikoa bizi” edo inplikatutako hirien artxiboak eskuragarri izateko, sarean jartzeko proiektuak.
Santiagoko Europako Kultur Hiriburutzaren arduradunak, honek hiriarentzat ekarri zuen eraldaketa ekonomiko sakona azpimarratuz amaitu zuen bere azalpena.
Enpleguan izan zuen eragina, datuen arabera, %34ko igoerakoa izan zen, 1993 eta 2001. urteak kontuan hartzen baditugu.
Villanuevak zera azpimarratu nahi izan zuen, 2000. urteak, modu bikainean, hiriaren etorkizuna markatu zuela, kultur azpiegiturei eta hirigintza arloko eraldaketari dagokionez. Galiziako zuzendariak, Donostiako kandidaturarekin kolaboratzeko borondatea erakutsiz amaitu zuen bere hitzaldia.
Santiago Espainian Kultur Hiriburu izan diren hiru hirietako bat izan da, Madril 1992an eta Salamanka 2002an izan ondoren.
Santiago eskualdeko hiriburua da, Galiziako hiriburu administratiboaz gain; hiriburu historikoa eta hezkuntza eta trebakuntza zentroa, izen handia duen Europako unibertsitate zaharrenetakoarekin.
Espainiako erromesaldi hiri garrantzitsuena da gainera, 1985ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua.
|
 |
“Ezinbestekoa da hiritarrak kandidaturaren proiektua diseinatzerakoan integratzea” Julia Stoff. Linz.
|
 |
Julia Stoffek, Linz 2009ko programaren zuzendaritza artistikoaren laguntzaileak, Linzeko manifestazioarentzat hiriburutza hiru alor nagusitan fokatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen: kultura, industria eta natura.
Hortik aurrera, Linzek hiru alor handi hauekin erlazionatutako gertakariak eskainiko ditu.
Julia Stoffek hiriburutza lortzeko unean, hiritarrak integratzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen.
Stoffek zera esan zuen, hiri honetako programa, hiriko alor ezberdinetako 40 aditu baino gehiagoren iritzia kontuan hartuta landu zela, hainbat kultur agenteren ekarpena alde batera utzi gabe.
Hiriburutzaren programak lau antzerki jaialdi izango ditu 2009an, ikus-entzunezko arteetako programa zabala eta ikasleekin proiektuak ere bai, “LINZ, HIRI AKUSTIKOA”, zarataren inguruko sentsibilizazio kanpainaz gain.
2009 hiriburutzatik, Linzeko hiritarrek hiriaren irudi ezberdina izatea bultzatzen da, harro senti daitezen eta Linz Europako kulturaren mapan kokatzen duena.
Modu honetan, Europako hiritarrek Austria, Viena eta Salzburgoz gain, Linz ere existitzen dela uler dezaten.
Linzek Vilnus, Lituaniako hiriburuarekin partekatuko du hiriburutza. Kultur arloan pisu handia duen Austriako hiria da, tradizioa eta abangoardia nahasten dituena.
Linzek 190.000 pertsona inguruko biztanleria dauka eta milioi erdi biztanle dituen eskualde ekonomiko oparoa da. Linz Goi-Austriako hiriburua da eta Vienatik ordu eta erdira kokatzen da.
|
 |
“Hiriaren arima identifikatzea eta hau kandidaturaren ardatz egitea, ezinbestekoa da” Jacques Montaignac. Avignon.
|
 |
Jacques Montaignac, Avignoneko kultur zuzendaritza nagusiko arduradunak hiriaren kultur egitarauaren ardatz nagusiak azaldu zituen eta hiriburutzak, kultur azpiegitura berriak eraikitzeko garaian izandako garrantzia azpimarratu zuen.
Honen adibide, Musika Eskola Nazionala edo Maitasunaren Lorategia dira.
Bere azalpena interes handikoa izan zen gainera, 2013an Europako Kultur Hiriburu izango den Marsellaren hiriburutzaren egitaraua egiterakoan kolaboratzaileetako bat izan da eta.
Bere ikuspuntutik, Marsella garaile nagusia izan da Frantziako hiriburuen artean, Mediterraneoko Hiriburu gisa aurkeztu zelako eta honek, bere iritziz, finalera heldu ziren beste hiriekiko aldeak markatu zituen (Bordele, Lyon eta Tolosa).
Honela, Frantzia mendebaldeko hiri bakar batek ere, Europako Kultur Hiriburu izaterik lortu ez duela adierazi zuen eta horregatik Donostia animatu zuen ahalegin bat egitera, bere kandidatura ardatz Atlantikoarena bezala aurkezteko, bere egitaraua Pirinioetatik bestaldera zabalduz.
Era berean, Montaignac-ek zera azpimarratu zuen, “oso garrantzitsua da hiriaren arima identifikatzea eta hau kandidaturaren ardatz nagusi egitea”.
Azkenik, Montaignac-ek zera adierazi zuen, Donostiak Euskadi eta Atlantikoko Kostaren kandidatura bilakatu behar duela, horregatik, “bi eskualdeak (mugaren bi aldetakoak) biltzen dituen gertakari bat aurkitzera" animatu zituen.
Avignon 2000. urtean izan zen Europako Kultur Hiriburu. Ondare arkitektoniko garrantzitsua dauka (hiri harresiduna, Aita Santuaren Jauregia), baita kulturala ere, arte eszeniko eta gertakariei dagokienez (Avignoneko Jaialdia).
Kokapen geografiko estrategikoa dauka, herrialdearen hego mendebaldean (autopista nagusiak gurutzatzen diren lekua eta Paris eta Avignon 2 ordu eta 40 minutuan komunikatzen dituen abiadura handiko trena). Gainera, bere populazio indizea 100.000 biztanletik beherakoa da.
|
 |
“Ahalik eta publiko zabalenera zuzendutako kalitate goreneko kultur hiriburu izatea lortu behar da” Eberhard Schrempf. Graz.
|
 |
Graz 2003ko zuzendarikidea den Eberhard Schrempfek Grazen, 2003an Europako Kultur Hiriburu izateko emandako prozesua azaldu zuen, egitaraua egiterako unean, aditu talde ezberdinek egin zuten lanean indar berezia eginez.
Graz 2003n markatu ziren helburuen artean, Eberhard Schrempfek publiko zabalak hiriaren nortasuna kultur hiriburu bezala barneratzea lortzea zein garrantzitsua izan zen azpimarratu zuen.
Kalitate goreneko kultur hiriburu bilakatzen saiatu ziren, 2003az haratago jasangarria eta publiko zabal bati zuzendua.
Graz 2003ko kultur egitarauak 6.000 gertakari aurkeztu zituen 326 egunetan eta 108 proiektutan taldekatua.
58,6 milioi €ko aurrekontua izan zuen (1999 eta 2004 artean).
Grazen hiriburutzaren urtean zehar, hiriak 3 milioi pertsona ingururen bisita jaso zuen eta honek, Schrempf-en hitzetan, bisitari kopurua %110 igo zuen, 2002rekin alderatuta.
Graz Estiria estatuko hiriburua da, Austria hego ekialdean. Herrialdeko bigarren hiri garrantzitsuena da, 250.000 biztanleko populazioarekin.
Ondare arkitektoniko garrantzitsua dauka, bertan UNESCOK 1999an Gizateriaren Ondare izendatu zuen bere erdi aroko kaskoa nabarmentzen da, bertako arkitektura modernoenaz gain.
Kultur tradizio zabala duen hiria da, hiri unibertsitarioa, bere lau unibertsitateekin herrialdeko hezkuntza eta trebakuntza gune garrantzitsuenetakoa da eta kultur azpiegiturekin, antzoki, museo, arte galeria eta ekoizpen artistikoko zentro independenteak lagun, kultur jarduera nabarmena izatea lortu du.
|
 |
“Programa original batek, interes berezia pizten du epai-mahaiko kideen artean” Robert Garcia. Luxemburgo.
|
 |
Luxenburgo 2007ko Hiriburutzako koordinatzaile nagusia den Robert Garciak zera nabarmendu zuen, bere esperientziaren arabera, 2016an Europako Kultur Hiriburu Espainiako zein hiri izango den erabakiko duten aspektu garrantzitsuenak epai-mahaiko kideentzat zeintzuk izango diren:
Horregatik, Garciak aholku sorta bat eman zizkion, oso gertu sentitzen zuela adierazi zuen Donostiaren Kandidaturari:
- EGITARAU ORIGINALA. Garciak egitarau original batek pizten duen interes berezia azpimarratu zuen. Modu honetan, Marsellak Mediterraneora irekita dagoen hiri bezala, aurkeztutako singulartasuna nabarmendu zuen (2013an Europako Kultur Hiriburu izango da).
- DIMENTSIO EUROPAR SENDOA. Programa ikuspegi Europazale argi batekin landu behar da.
- HIRIBURUTZAK HIRIAREN ETORKIZUNEAN IZANGO DUEN ERAGINA. Egitaraua “gertakariaren ondorengo” garaiak kontuan hartuta landu beharko da, epai-mahaiak asko baloratzen duen aspektua da eta.
- GAI-SORTA SOZIO-POLITIKOA. Etorkinen integrazioa, inguruko beste eskualdeetara irekiera eta bestelako aspektuek pisu handia dute epai-mahaiaren azken erabakian.
- PUBLIKOA, HIRIBURUTZAREN HELBURU. Garciak indar berezia egin zuen kultur egitaraua ahalik eta publiko zabalenari zuzendu behar zaiola esaterakoan.
Luxenburgo Europako Kultur Hiriburu bitan izan den hiri bakarra dugu, 1995ean eta duela gutxi, 2007an.
90 mila biztanle inguru ditu eta Dukerriko banku eta administrazio gune garrantzitsuena da. Zerbitzuetako hiri bat da, banku eta finantza gune kontzentrazio handiarekin. Bosgarren postua dauka, munduko bizi-kalitate oneneko hirien artean. 1994an, UNESCOk Gizateriaren Hiriburu izendatu zuen, bere ondare historiko-arkitektoniko garrantzitsua zela eta.
Kepa Korta, Donostiako Plan Estrategikoko zuzendari-koordinatzaileak eta Edorta Azpiazu, Donostia 2016ko Hiriburutzarako bulegoko arduradunak, Donostiako Udaletxeko Udalbatza aretoan ehun pertsonatik gora bildu zituen jardunaldi honetako moderatzaile lanak egin zituzten.
|
 |
|