|
2010-02-02
Zientziako, Teknologiako, Berrikuntzako eta Industriako europar Ministroen biltzarra Donostian, otsailaren 7tik 9ra bitartean.
Datorren otsailean, Donostia Lehiakortasunaren Europar Hiriburua izango da, Lehiakortasuneko ministroen bilera informala hartuko duelako, Europar Batasuneko 27 herrialdeetako Zientziako, Teknologiako, Berrikuntzako eta Industriako ministroak bilduko dituena.
Lehiakortasunaren Europar Kontseiluaren bilera hori EBko Espainiaren Presidentetzarekin batera iritsi da, eta otsailaren 7tik 9ra bitarte egingo da, Donostiako Kursaal Batzar Jauregian.
 |
Espainiako Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendia eta Industria, Turismo eta Merkataritzako ministro Miguel Sebastián egongo dira Donostiako Europar Kontseiluaren buruan, bakoitza bere erantzukizun-eremuan.
Ekitaldiaren osagarri, otsailaren 7an, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ekoiztutako "Siliziozko ametsak. Artea, zientzia eta teknologia Europar Batasunean" erakusketa inauguratuko da Tabakalera (Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa) eraikinean, eta Cristina Garmendia ministroa bertan egongo da.
EBko Lehiakortasuneko ministroen bilera informal hori Donostian egingo da, eta aipatzekoa da Donostia hiriak Kulturaren Europako Hiria izan nahi duela 2016an, eta, gainera, berrikuntzaren, zientziaren eta kulturaren aldeko apustu estrategikoa egiten ari dela, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko sare instituzional, ekonomiko eta sozial osoarekin batera.
Hain zuzen ere, Donostia 2016 Hautagaitzaren enbaxadorea den Cristina Garmendia ministroa izan da, Odón Elorza alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Patxi Lópezekin batera, Europar Kontseiluaren bilera Gipuzkoako hiriburuan egitearen alde gehien ahalegindu direnetako bat. |
 |
| Donostiako adierazpena eta auto elektrikoa |
 |
Zientzia eta Berrikuntzaren arloan, Cristina Garmendia ministroa buruan Donostian egingo den europar ministroen bileraren helburu nagusia "Donostiako adierazpena" onartzea izango da, Zientziaren eta Berrikuntzaren aldeko apustua jasoko duena (ekonomia eta lehiakortasuna suspertzeko eragilea den aldetik), baita Europako Ikerketa Esparrua sortzea ere.
EBko Industriako ministroen Lehiakortasunaren Kontseiluari dagokionez, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Miguel Sebastiánek auto elektrikoa bultzatzeko Espainiako Gobernuak abian jarritako politikaren berri emango die bere kide europarrei.
|
 |
|