bilatu
Bisita gidatua
 
GAURKOTASUNA atalera itzuli

2006-03-24
Donostiako Plan Estrategikoko Batzorde Betearazlea Donostia- Hondarribiko Aireportuaren instalazioen optimizaziorako akordio batera iritsi da

Lan Mahai bat sortzeko Donostiako Gobernuaren akordiora atxikitzea proposatzen dute non Irungo, Hondarribiko eta Donostiako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Ganberak eta AENAk parte hartuko duten. Bestetik, pistaren gaur egungo luzerari eustea (segurtasun arloa erantsita) defendatzen duen alternatiba konkretatzeko beharrezko kudeaketak egitea adostu dute, baita aireratzeko eta lurreratzeko laguntza elektronikoak handitzea, instalazioen modernizazioa eta garraio publikoa aireportura iristeko bideak hobetzea ere.

Donostiako Plan Estrategikoak garrantzi handia ematen die garraio azpiegiturei, hala trenbideari nola aireportuari. Hori dela-eta, Udalari interesatzen zaio Donostia- Hondarribiko Aireportuaren instalazioak optimizatzea eta gure inguruko gainontzeko aireportuekiko loturak nabarmen hobetzea.

Donostia- Hondarribiko Aireportuko Plan Zuzentzaileak zazpi aukera aztertzen ditu aireportua optimizatu eta segurtasun arauetara egokitzeko. Alternatiba hauen artean, hirugarrena aukeratzen du, eta honen arabera, pista gaur egungoa baino hirurehun metro txikiagoa izango litzateke.

Irtenbide honek ekarriko luke gaur egun erabiltzen diren aireontzi batzuk eta antzeko tamaina duten beste batzuk ezin erabiltzea. Horrela, aireportuaren ahalmenak nabarmen murriztuko lirateke eta oso zaila izango litzateke operadore berriak sartzea. Azken gai horrek garrantzi handia du, eskaintza handitzeko bidea emateaz gain, lehiakortasun ekonomiko handiagoa ahalbideratuko lukeelako. Izan ere, Donostia- Hondarribiako Aireportuak oso tarifa altuak ditu gure ingurukoekin alderatuz gero.

Irtenbideak eta jokoan dagoena oso gauza konplexuak direla aitortuta, Donostiako Plan Estrategikoaren Batzorde Betearazleak, Donostiako Gobernuaren akordioaren ildotik, elkarrizketan oinarrituta, erasanak eta kalteak objektiboki zehaztu eta dauden aukera guztiak aztertu nahi ditu. Ezinbestekoa da lan instantzia bat sortzea, Donostia- Hondarribiko Aireportuaren etorkizunaz hartzen diren erabakietan interesa duten alde guztiak biltzen dituena.

Aireportua funtsezko atala da lurraldearen komunikazioetarako, tren zerbitzu berriekin eta gure inguruko aireportuekin (Miarritzekoarekin, batik bat) lotzen duten hegaldiekin batera. Horren guztiaren helburua, hurrengo urteotan gure hiriak eta lurralde osoak ibilbide luzeko garraio azpiegitura hobeak izatea da.

Hortaz, instalazio hori finkatu eta hobetzeak lehen mailako helburu estrategikoa izan behar du, zio ekonomikoengatik, bai eta sektore turistikoa indartzeko ere. Txingudiko badiaren ingurumen sistemari eustea eta planak aireportuaren inguruko etxebizitzetan nahiz Irunen egitekoak diren hirigintza garapenetan izango duen eragina aztertzea dira, baina, finkatu eta hobetzeko ahalegin horrek kokatu beharreko esparrua.

Proposatutako irtenbideak kostu handiagoa ekar lezake, baina kontuan hartu behar da aireportu honek ez duela inbertsio garrantzitsurik lortu azken urteotan. Bestalde, bidaiari-trafikoari buruzko aurreikuspenak aurreko planean jasotakoak baino askoz txikiagoak dira eta ez datoz bat azken urteotako hazkundearekin.

  AKORDIOAK
Lehenengoa

Proposatzea aldeei Lan Mahai bat sortzea, honako partaide hauek izango lituzkeena: Irungo, Hondarribiko eta Donostiako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Gizpuzkoako Ganbera eta AENA. Lan Mahai horrek Hondarribiko aireportuarentzako alternatiba baten bideragarritasuna aztertuko luke, etorkizunerako finkatzea izanik helburu.

Bigarrena

Beharrezko kudeaketa eta ekimenak gauzatzea Donostia-Hondarribiko Aireportuaren Plan Zuzentzailea berrikusteko gaur egungo proposamenenean bildutako 2-b alternatibaren bideragarritasuna zehazte aldera, baldintza hauek beteta:

A.- Pistaren gaur egungo luzerari eustea eta segurtasun arloa eranstea pista-muturrei (RESA).
B.- Aireratze eta lurreratzeko laguntza elektronikoak handitzea.
C.- Aireportuaren instalazioak modernizatu eta handitzea.
D.- Garraio publikoa aireportura iristeko bideak hobetzea.

Hirugarrena Jakinaraztea erabaki hau lehen puntuan aipatutako erakunde guztiei
Laugarrena Donostiako Udala ere proiektua aztertzeko eta garatzeko sor daitekeen baltzuan sartzeko eskatzea Foru Aldundiari.

subir
Prentsa bulegoarekin harremanetan jarri hurrengo posta elektronikoaren bitartez: prentsa@donostiafutura.net
Gurekin harremanetan jarri | Portada | Planaren gida | Komunikazioa | Ideien gunea | Dokuteka | Aldizkaria