|
2003-05-02
Stanfordeko unibertsitateak
Miramon aukeratu du Europako basea jartzeko,
bertan programa teknologiko bat garatuko du
Zientzia eta teknologia alorretan munduan
erreferentzi den Stanfordeko (Kalifornia)
Unibertsitateak Miramongo Teknologia Parkean
ezarri du Europako bere basea. Media X proiektua,
jakintza-alor anitzeko ikerketa programa bat,
garatuko du Miramonen.
Programa honen bitartez informatika teknologia
interaktiboak garatu nahi dituzte herritarrok
informatika teknologia berrietara errazago
hurbil gaitezen. Proiektu hau, munduko multinazional
garrantzitsuenetako batzuk hartuko dute parte-
-IBM, Microsoft, Toyota, Philips...-, Manuel
Cendoyaren, Miramongo zuzendari orokorraren,
esanetan "oso gertaera garrantzitsua
da" hemendik aurrera Donostiako parkea
nazioarteko abangoardia ikerketa sare baten
barruan egongo delako. Gainera, Silicon Valleyrekin
dituen harremanak sendotzeko aukera emango
dion operazio base bat badu Miramonek Stanfordeko
egoitza zentralean.
Media X proiektuarekin teknologia interaktiboaren
hurrengo belaunaldia garatu nahi dute. Jostailu
interaktiboekin, elkarrizketa-interfazeekin,
zenbaketekin edo hizkuntza naturalarekin pertsonok
izan ditzagun zailtasunak konpontzea da helburua.
Hain zuzen ere, alor ezberdineko teknologietara
hurbiltzeko prozesua errazagoa eta naturalagoa
egin nahi da.
Mundu mailan proiektu hau garatzeko Stanfordeko
unibertsitateak beste egoitza bat ireki du
Kyoton (Japonian). Operazioetarako Europako
basea Donostian jartzeak badu azalpenik. Hiriak
beharrezko diren teknologia eta komunikazio
azpiegiturak ditu eta gainera leku atsegina
eta abegitsua da programaren proiektu ezberdinetan
lan egingo duten zientzialariak eta akademikoak
erakartzeko. Stanfordetik, Kyototik eta Miramondik
zientzialariek denbora errealean lan egiteko
aukera izango dute.
Stanfordeko Unibertsitatean 25 Nobel Sari
sortu dira. 1951ean eraiki zen munduko lehen
teknologia parkea eta ondoren Silicon Valleya.
Bertan Yahoo, Google, Netscape edo Nike bezalako
enpresak daude kokatuta.
|