| 2004-ko
iraila
RICARDO ETXEPARE. Donostiako Uda Ikastaroen
zuzendaria
"Ikastaroek
eragin sozial garrantzitsua dute, gaurkotasun
eta intereseko gogoetak helarazten dituzte,
eta hiriaren jarduera ekonomikoari ekarpena
egiten diote bi milioi eurorekin"
Ricardo Etxeparek udaoro zuzentzen ditu EHUko
Uda Ikastaroak Donostiako Miramar jauregian.
Aurtengoa XXIII. edizioa da eta programak
orotara 60 ikastaro eta mintegi ditu, baita
16 jarduera berezi ere (biltzarrak, topaketak,
eskolak, tailerrak eta jardunaldi profesionalak),
atzerritarrentzako hizkuntza-ikastaroez gainera.
Miramarko EHUren Uda Ikastaroek XIII. edizioa
dute aurten. Helburuak urtero berritzen dira,
baina zein da ikastaro horien bokazioa?
Ikastaroen bokazioa, nolabait, honakoxeak
diren misioetan dago zehaztuta batik bat:
• Irakasleen etengabeko formazioan laguntzea,
arreta berezia jarrita maila guztietako irakasleriaren
formazioan.
• Unibertsitatearen zabalkundean lagungarri
izatea.
• Egungo arazoen inguruan gogoeta bultzatzea.
• Unibertsitateak beste erakunde batzuekin
dituen harremanetan zubi-lana egitea.
• Herri honen nahiz bere erakunde eta
organizazio laguntzaileen irudi positiboa
helarazten laguntzea.
Aurtengo edizioan Uda Ikastaroek
–oraingoz– asistentzia handiena
izan dute Espainia osoan, nola lortzen duzue
urtero-urtero aurreikuspenak gainditzea?
Uda Ikastaroen artean asistentzia handiena
dugula diogunean, ikastaro bakoitzeko ikasle
gehien dugula ari gara esaten; ez, ordea,
kopuru handiena termino absolutuetan.
Horretarako, hainbat faktore hartu behar direla
aintzat uste dugu: aurrena egitarau erakargarri
bat, bigarrenik Uda Ikastaroen tradizioa eta
prestigioa, eta hirugarrenik egiten dugun
difusio ahalegina.
Nondik datoz ikasleak eta zein da
horien ohiko profila?
Ikasleen %45 Gipuzkoatik dator eta %25, berriz,
EAEko beste lurraldeetatik. Bestalde, %20
Espainiako gainontzeko erkidegoetatik datoz
eta %10 atzerritik.
Profilari gagozkiola, Uda Ikastaroetako ikasleen
%60 estudianteak ziren orain dela hamar urte.
Orain, ordea, “ez-estudianteak”
dira; hau da, unibertsitate esparruko profesional
edo ikasleak. Hala, bertaratutakoen %25 maila
guztietako irakasleak dira, eta %20, ostera,
zuzenbide, ekonomia eta enpresa, teknologia
eta osasun zientzietako profesioanalak, besteak
beste; %15, azkenik, “unibertsitate
esparruko” ikasleak dira.
Urtero nobedade garrantzitsuak izaten
dira. Zein izan dira aurtengoak eta nolako
harrera egin zaie?
Aurten nobedadeak bi gaitan oinarritu dira:
batetik, Europa aipatu behar dugu, horri atxikitako
jazoera garrantzitsuak izan baitira (zabalkundea
eta Konstituzioa onartzea); bestetik, ostera,
“Guztientzako ikastaroak” atala
indartzeko asmoa dugu; hau da, hiritar orori
eskainitako ikastaroak, hau da, osasun, ekonomi,
kultura nahiz bestelako gaietan interesa dutenei.
Europa gaiari harrera mugatu egin zaio, eta
horrek agerian uzten du, antza, ez dela gure
kezketako bat. “Guztiontzako ikastaroak”
atalak arrakasta izan du, batez ere osasunaren
inguruko gaietan.
Uda Ikastaroek hirian duten hedadura nabaria
da, eta Donostiako udaren bereizgarri dira
euren kultur eskaintza dela eta. Hitz egin
dezagun, bada, Uda Ikastaroek Donostian duten
oihartzunaz.
Lehenik eta behin, aipatu ikastaroek eragin
sozial nabarmena dute, ez alferrik egunerokotasuna
eta interesa duten gogoetak helarazten dira.
Bigarrenik, 4.000 irakasle eta ikasle inguru
hurbildu zaizkigu; eta haiek gu hobeto ezaguturik,
berriz etortzeko prest egon ohi dira (fideltasuna
%50 ingurukoa da). Hirugarrenik, Uda Ikastaroak
lagungarri dira hiriaren ekonomi jarduerarako,
ekarpena bi milioi eurokoa baita; era berean,
sortzen den enplegua sei lagunen parekoa da.
|