|
IRAILA-2003
MIGUEL MARTÍN | Jazzaldiaren zuzendaria
"Donostiarrek jakin-mina
dute eta begi onez hartzen dituzte kultur
erronka berriak"
Miguel Martínek 25 urte daramatza
Donostiako Jazzaldiari lotuta. Kontzertu ahaztezinak
antolatutako gizonak donostiarrek jakin-mina
dutela dio eta, horrez gain, begi onez hartzen
omen dituzte kultur erronka berriak. Hala,
bada, iragan edizioan espektatiba guztiak
gainditu zituen Jazzaldiaren nondik norakoak
azalduko dizkigu.
1.- Zenbat urte daramatzazu Jazzaldia
bezalako munta handiko ekitaldian buru?
1978an hasi nintzen Jazzaldian eta harrezkeroztik
kasik horri atxikita ibili naiz, 1989 eta
1991n izan ezik. Jazzaldia beste hainbat konturekin
tartekatu dut, esate baterako orain Gazteszenaren
eta Kursaal Fundazioaren programazioan dihardugu
urte osoan; era berean, Musika Hamabostaldiaren
batzordean ibilia naiz, eta bi urtez Moda
Jaialdiaz ere arduratu nintzen. 1978an hasi
nintzenean, hainbat urtetan KTEn ibili nintzen
Aste Nagusia edota Euskal Jaiak antolatzen.
Baina 25 urte horietan, batez ere, Jazzaldiari
lotuta ibili naiz.
2.- Aurtengo edizioaren balantzeari dagokionez,
apenas izan duzuen gorabeherarik: ez da hegaldirik
bertan behera geratu, maletarik ez da galdu,
musikariak zuzen aritu dira
guk, ordea,
kontrakoa jakin nahi dugu. Azaldu iezaizkiguzu
Jazzaldiaren inguruko bitxikeriak, irribarre
halako bat eragin zizutenak
Egia esanda, bitxikerien kontu hori ez da
dirudien bezain deigarria. Hala, aintzat hartu
beharrekoa izaten da biran ibiltzen diren
musikarien egoera zein den: eguna, horientzat,
goizeko laurak-bostak aldean hasten da, itzartu
eta hegazkinaren bila joaten dira zenbaitetan
izan daitezkeen arazoak euren gain hartuta
-zer esanik ez uztailean. Gisa horretan, Hondarribia,
Bilbo edo Miarritzeko aireportura iristen
dira, soinuari dagozkion probak egiten dituzte,
apenas duten atseden hartzeko tarterik, afaldu,
jo eta ohera, harik eta hurrengo egunari ekin
arte.
Horrelako mugimendua izanik, izaten dira,
bai, gorabehera bitxiak, baina horiek egia
esanda aurreikusteko modukoak dira. Musikariak,
gainera, beste hiri batean dagoen bitartean
behar duen oro eskura izatea nahi izaten du
eta, hala, gauza asko eskatzen dizkizu, baina
hori ez nuke anekdotatzat joko. Kontuak kontu,
beti kontatu ohi dut Gato Barbieri 1980 edo
1981ean Donostira estreinakoz etorri zenean
"Gabon, Bartzelona" esan zuela deiadarka
eta erabat "atxurtuta". Arreta jarri
beharra izaten dugu izaten dituzten bidai
programak direla eta
Horrez gain, aurtengo edizioan Cassandra
Wilsonek lore horiak eskatu zituen bere aldagelarako;
aldagelak karpa txikien bidez muntatzen dira
Trinitate Plazarako kalezuloan. Era berean,
botila bat ron eskatu zuen marka jakin batekoa.
Normalean, saiatzen gara alkohola ona ez dela
jakinarazten saioari ekin aurretik, baina
antza denez talde honek topa egiten du beti
ron marka jakin batekin oholtza gainera igo
aurretik; horientzat, izan ere, esanahi berezia
du.
3.- Zer-nolakoa da Jazzaldiaren alde ezkutu
hori? Egun nekagarrietan jendea lanean guztia
ongi irten dadin
Molde honetako edizioetan lasai ibiltzen
gara. Jazzaldian jende gaztea dabil, gauzak
ongi egiteko asmoa duena eta, gainera, oso
giro ederra dute euren artean. Lanean aritzeaz
gain, ongi pasatzen dute. Hori hala izanik,
urtero-urtero lan-taldeari eusten saiatzen
gara eta horrek guztiak ongi ibiltzea dakar.
Ordutegia honakoxea da: 16:00etatik 20:00etara
Jazzaldiaren sei egunetan.
|