|
otsaila-2007
MANU NARVÁEZ |
Donostia Turismoko gerenteari elkarrizketa
"Donostian, kongresuetako turismoa %45 igoko da aurten"
Kultur eta Turismo Ekintzetxeko zuzendari ohiak KTEaren 80 urteak ahaztu eta turismoaren sektorean kudeaketaren kalitatearen aldeko pausoak emateko garaia heltzearen beharra nabarmendu du. Elkarte berria guztion onurarako izango da, irizpideak bateratu, baliabideak optimizatu eta ekimen pribatuaren partehartzea ahalbidetzen duelako.
Donostiako turismoaren osasunari buruz hitz egin dugu berarekin.
- Duela gutxi FITUR, Nazioarteko Turismo Azoka izan da Madrilen, Donostiako ordezkaritza bat bertan izanik. Zein da gure hiriak aurten duen apustua? Zer eskaintzen dugu “xarma turistikoa” duena?
Turistikoa izateko aukera duen eskaintza oro balorean jartzearen aldeko apustua egiten dugu. Eta erreferentzia berezi gisa, Haize Orraziaren 30. urteurrena dugu, Chillidak hirian duen balorea indartzeko une garrantzitsu eta berebizikoa dela ulertuta. Gainera, era honetan, Chillida-Lekun egiten ari diren lanean indar berezia egin nahi dugu.
Baina batez ere, desberdintasunak desberdintasun eta ikuspuntu mugatuago batekin, Gaudí urtearekin egin zenaren antzeko zerbait egin nahi dugu, hau da, jada existitzen zen zerbait berriz gogoratu eta balorean jarri, gauza erakargarri edo deigarri gisa. Dagoeneko sendotzen ari den eta urtero gure produktua merkaturatzeko bide garrantzitsuenetako bat bilakatzen ari den beste tresna bat zera da, erreserba gunea. Paketeekin jokatzea ahalbidetzen du, eskaintza asko “paketatzea”.
Apirilean, adibidez, nazioarteko errugbi partida bat jokatuko da Donostian (Heineken Cupedo “Errugbiko Txapeldunen Liga”). Hauxe da egonaldi gehi gertakari bat, kasu honetan kirol gertakari bat, batera saltzeko dugun formula. Garatu nahi dugun beste bide bat da eta azken aldi honetan garatzen ari garena.
- Donostia Turismok aldaketa garrantzitsua ekarri du hirian sektorea kudeatzeko garaian. Zein aldaketa dakartza? Zertan hobetzen da turismoaren kudeaketa?
Badira garrantzitsuak diren bi gako, nabarmen hobetu diren bi eremu. Alde batetik, negozio turismoa eta aisialdiko turismoaren arteko lotura eman da, zentzu honetan homogeneizatu egin da eta erakunde bakar batean zentralizatu da. Hau oso garrantzitsua da, distortsioak ekidin eta irizpideetan aldeak egotea saihesten delako.
Eta bigarrenik, elkarte berri honek ekimen pribatuaren partehartzearen sustapena dakar. Bigarren aspektu hau benetan garrantzitsua dela uste dut. Sektore ezberdinek parte hartzen duten aholku-kontseiluaren sorrera ahalbidetzen du. Eman zaion egiturak ekimen pribatuak, zein publikoak turismoaren kudeaketan elkarrekin lan egiteko bideak irekitzen ditu.
- Zeintzuk dira Donostia Turismok etorkizunari begira markatzen dituen helburuak?
2007ko Kudeaketa Planak erakunde berriaren garrantzia nabarmentzea markatzen du helburu nagusi gisa.
Era batean edo bestean, Kultura eta Turismo Ekintzetxearen 80 urteko historia ahaztu arazten du.
Jendeak ezagutu eta jakin dezala Donostia Turismo zer den.
Turismo alorreko agente publiko, zein pribatuen erreferentzia bilakatu.
Departamenduen alorrean, helburu jakin batzuk markatu ditugu. Negozioen turismoan, aurten egin nahi dugun apustu garrantzitsua zera da, turismoa pizgarriekin, gure turismo jarduera beraren garapen potentzial handiago bat ahalbidetu dezakeen alorretako bat dela ulertuz. Aisialdi turismoaren barruan, hiriak estatu mailan izan behar duen oihartzunaz ari gara, baina batez ere nazioarteko mailan.
|