|
OTSAILA-2003
MANUEL CENDOYA | Miramongo Parke Teknologikoko
Zuzendaria
"Donostiak bertako
berotasuna aprobetxatu behar du eta irekia
egon behar du unibertsora, ezeri ezetz esan
gabe"
Manuel Zendoia Miramongo Parke Teknologikoko
Zuzendaria da eta Donostiako Plan Estrategikoaren
Zuzendaritza Batzordeko partaidea. Miramongo
Parke Teknologikoak goi-teknologia alorreko
enpresei, I+D zentroei eta laborategiei eta
zerbitzu aurreratuak dituzten institutuei
zuzentzen die bere jarduera. Hiriaren gizarte
eta ekonomia garapenaren eragile eta tresna
nagusia da. Manuel Zendoiaren ustez Donostian
goi mailako jarduera teknologikoak egiten
dira eta ilusio, imajinazio, zorroztasun eta
lan apur batekin teknologia berrien alorrean,
nazioartean, Donostia erreferentea izango
da.
- Zein da, zure ustez, Donostiako
egungo egoera, teknologia berriei dagokienean?
- Nazioarteko abangoardian kokatzeko moduko
zientzia eta teknologia jarduerak garatzen
dira Donostian: físika, elektrokimika,
materialak, multimedia, adimen artifiziala,
telematika... dira alorrik nabarmenetako batzuk.
Bestalde, eta egungo egoeran, gizarte guztiaren
giza eta ekonomia garapenaren bilakaerarako
teknologia da alderdirik funtsezkoenetakoa.
Gure hiria oso aproposa da ez bakarrik, herritarren
esku teknologia berri horiek jartzeko, baizik
eta teknologia horiek sortzeko eta garatzeko
ere bai.
- Zein dira zure iritziz Donostiako
enpresa teknologikoen puntu ahul eta indartsu
nagusiak?
- Nire ustez, alor hauekin loturiko elementu
garrantzitsu asko dugu. Hiri honek (hiria
diodanean askotan nire buruan Gipuzkoa osoa
dago) unibertsitateak, ospe handiko teknologia
zentroak, industria eta enpresa sare garrantzitsua,
gaitasun handiko zerbitzu guneak... ditu.
Horren guztiaren ondorioz ondo hezitako gazte
multzoa dugu, esperientziadun eta Know-howa
duten pertsonak ditugu eta jarduera ezberdinak
elkar sustatzeko eta elkarren artean harremana
sortzeko aukera dugu. Eta horri guztiari gure
bizitza kalitatearen eta ingurugiroaren baldintzak
eta instituzioak eragiten ari diren azpiegitura
eta ekipamenduen maila eransten badizkiogu
ondorio modura esan daiteke teknologiarekin
loturiko jarduerak garatzeko elementu egoki
asko ditugula.
Hain egokiak ez diren beste elementu batzuk
ere baditugu, jakina: gure neurria, geografia
kokapena eta gizarte eta politika egoera.
Baina, nire ustez, hain zuzen ere, horiexek
erabili behar ditugu akuilu modura gure imajinazioa
eta lanerako gaitasuna suspertzeko. Beraz,
hain onak ez diren elementu horiek ( kokapen
geografikoa, erabaki zentroen kontzentrazio
eza, lur gutxi izatea, imajina...) erabili
behar ditugu gure burua hobetzeko.
Esate baterako, jarduera batzuk abian jartzeko
adinako lurrik ez dugunez edo gure lurraldean
zelai gutxi dagoenez, aukeran dugunari ahal
den probetxu handiena ateratzen saiatu behar
dugu. Horrek eragin positiboa izango du gizartean.
|